Azaroak 25: Indarkeria matxista desagerraraztea, urteko 365 egunetan

Azaroaren 25ean Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da, mundu osoan emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria salatzeko eta hura desagerrarazteko herrialde guztietan politikak eskatzeko.

TAU Fundazioan ez dugu gaitz honetatik kanpo egon nahi, eta arazoari heltzen ahalegintzen gara, tokian tokiko proiektuekin eta sentsibilizazio-ekintzekin iparraldean.

Hala, aste honetan, adibidez, “Pocoata eta Colquechaca udalerrietan generoagatik indarkeria jasan gabe eta eskolako bortizkeriarik gabe bizitzeko eskubidea eragiten” proiektuaren jarraipen-txostenak entregatu ditugu. Proiektu hau 2garren fasean dugu eta Bolivian gauzatzen ari da, “Instituto Politécnico Tomas Katari”-ren (IPTK) eskutik. Txostenak Irungo Udalarentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat dira, proiektua finantzatzen baitute TAU, IPTK eta tokiko-biztanleriaren ekarpenekin batera. Proiektua 2020ko azaroan hasi zen eta 20 hilabeteko iraupena du.

Emandako txostenek proiektuaren lehen 10 hilabeteei buruzko informazioa ematen dute:

– Inplikatutako udalerri eta eskoletako genero-indarkeriari eta eskola-indarkeriari buruzko diagnostiko bat egin da (bi Pocoatan eta hiru Colquechacan). Udal agintariek konpromisoa hartu dute udalerrietan indarkeria murrizteko lan egiteko, kontzientziatzeko eta jarrerak aldatzeko jarduerak sustatuz, eta bakearen kultura sortuz.

– Eskoletan hainbat jarduera egin dira familia-batasuna eta hausnarketa sustatzeko, praktika egokien bidez eta balioak berreskuratzea landuz edozein motatako indarkeria saihesteko. Eskola bakoitzak bere ikasle-batzordea osatu du, eta bizikidetza baketsurako barne-araudiak egin ditu, besteak beste.

– Erakundeen arteko lankidetzarako berariazko hitzarmenak sinatu dituzte Pocoata eta Colquechacako udal-gobernuek IPTKrekin. Erakundeak indarkeria antzemateko protokoloak hartzen hasi dira, eta kasuak defentsa-erakundeei jakinarazten.

– Indarkeriaren aurka borrokatzeko erakunde arteko sareak indarkeriari aurrea hartzeko prestatu eta sentsibilizatu dituzte, eta erakundeek aurrekontuak bideratu eta handitu ditzaten eragiten dute, prebentzioan jarduteko eta modu artikulatuan lanean jarraitzeko.

TAUk zorionak eman nahi dizkie lan honetan ari diren Boliviako emakume eta komunitateei, eta balorazio baikorra egiten du proiektuaren aurrerapenez. Gure ekarpena egiten jarraituko dugu, berdintasuna eta indarkeria matxista desagerraraztea ahalbidetuko duen kontzientzia globala indartzeko munduan zehar, adibidez, Bolivian eta El Salvadorren, bai eta gure artean ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aste honetan argitaratutako ikerketa baten arabera, Euskadiko biztanleen % 37k dio bikotekideak tratu txarrak emandako emakumeren bat ezagutzen dutela beren familia, lagun, auzo edo lan-ingurunean, eta % 38k emakumeren bati tratu txarrak eman dizkion gizonen bat.

Garrantzitsua da, beraz, azaroaren 25eko mobilizazio feministekin bat egitea eta Boliviakoa bezalako proiektuetan lankidetzan jarraitzea, indarkeria matxistaren aurkako lana urte osoan zehar zabal dadin.

#Azaroak25