Hezkuntza-erronka EASO Ikastetxe Politeknikoan (Donostia)

Urriaren 13tik 27ra bitartean, Donostiako EASO Ikastetxe Politeknikoko Ingurumenaren Kontrol eta Hezkuntza Zikloko bigarren kurtsoak erronka bat garatu du Gipuzkoako gizarte-eraldaketa izeneko hezkuntza-proiektu honi lotuta, “Gizarte-eraldaketa Gipuzkoan, pobreziaren aurkako borrokan ingurumen-kudeaketako esperientzien bidez” Erronkak 27 lan-saio izan ditu, eta guztira 162 ordu. Horietan, Zabalketa eta TAU GGKEetako kideek aktiboki parte hartu dugu dinamizatzen eta zikloko irakasleekin batera jarraipena egiten.

Erronka horretan, ikasleek, 4 lantaldetan banatuta (3 ikasle talde bakoitzeko), ingurumen eta gizarte jasangarritasunari buruzko aholkularitza baten rola hartu dute. Aholkularitza hori enpresek kontratatu dute, eta produkzio-eredua aldatu nahi dute, irizpide etikoak eta jasangarritasun-irizpideak ezarriz. Horretarako, ikasleek lau produkturen (arropa, palma-olioa, mugikorra eta kinoa) bizi-zikloaren ingurumen eta gizarte inpaktuen diagnostikoa egin dute, eta katearen fase bakoitzean alternatibak planteatu dituzte. Funtzionamendu eredu berri bat aurkeztu behar izan dute, ingurumen-inpaktuak murrizteko eta Giza Eskubideak bermatzeko aukera emango duten egiturazko hobekuntza eta aldaketekin, ekoetiketatzea, ekonomia zirkularra, ekodiseinua edo alderdi sozialen hobekuntza bezalako kontzeptuak barne (lan-eskubideak, lan-segurtasuna…).

Ildo horretan, balioesten dugu lanbide-heziketako ikastetxeek erronken arabera hartutako lan-metodologiak genero-ikuspegia, ingurumen-iraunkortasuna eta Giza Eskubideak dituen ikuspegi globala txertatu ahal izatea horrelako proiektuei esker. Era horretako erronkei esker, lankidetza-proiektuak identifikatzeko fasean erabiltzen diren arazoen eta helburuen zuhaitza egiteko tresnak ere ikas daitezke.

Erronka hau 2019az geroztik Gipuzkoako lanbide eta unibertsitate hezkuntzako 7 ikastetxetan (Easo Politeknikoa, Tecnun eta EHUko Ingeniaritza Eskola Donostian, Bidasoa LH Irunen, Tolosako FB Don Bosco eta Mondragon Unibertsitatea Hernanin eta Arrasaten) bultzatzen ari garen erronka multzo baten parte da. Proiektua Pobreziaren aurkako Ingurumen Iraunkortasunaren Sareak bultzatzen du, eta 11 erakundek osatzen dugu: Zabalketa, ICLI, Mundukide, Unesco Etxea, Behar Bidasoa, Etiopia-Utopia, Egoaizia, IPTK, ICO, CIPCA eta TAU Fundazioa.