2024 honetan 20 urte bete ditugu TAUfundazioa martxan jarri zenetik, eta aldi horretan, Iparralde-Hegoa Elkartasun eta Lankidetzaren bidez mundu anaitasunezkoagoa, ekitatiboagoa, bidezkoagoa eta gizatiarragoa eraikitzeko gure “hondar-aletxoa” ekarri dugu.
Denbora honetan zehar, fundazio gisa ditugun energia eta gaitasunak jarri ditugu jokoan, “beste mundu posible” baten eraikuntzan tematzen jarraitzeko, non pertsona guztiek duintasunez bizitzeko duten eskubidea aitortuta ikusiko duten eta osorik garatu ahal izango diren; nahiz eta guk Iparraldean ditugunak baino baliabide eta pribilegio gutxiago dituzten lekuetan jaio. Ibilbide horretan lanean ari gara, egunerokoan, adoregabetu gabe, giza familia osoarentzako ondasun komuna ikusarazi nahian, jakin badakigulako elkartasuna eta lankidetza etengabeko prozesua dela; eta ezin garela, hemen iparraldean, gure erosotasun sozialeko eremuetan geratu; duintasunez bizitzeko eta osoki garatzeko oinarrizko eskubiderik ez duten pertsonei eta herriei dagokiena partekatu eta itzuli behar diegula.
Jakitun, Fratelli Tutti entziklikan esaten den bezala, “Mundua guztiontzat existitzen da, gizaki guztiak duintasun berarekin jaiotzen garelako lur honetan. Kolorearen, erlijioaren, gaitasunen, jaiolekuaren, bizilekuaren eta beste hainbaten arteko desberdintasunak ezin dira lehenetsi, edo ezin dira erabili batzuen eta besteen pribilegioak justifikatzeko guztien eskubideen gainetik. Beraz, komunitate gisa, pertsona bakoitza duintasunez biziko dela eta bere garapen integralerako aukera egokiak izango dituela bermatzera behartuta gaude “. (Fratelli Tutti entziklika)
Ibilbide hau ikusita eta urtea amaitzen ari den honetan, ESKERRAK eman nahi dizkiegu bazkide, boluntario, Arantzazuko Frantziskotar Probintzia, erakunde laguntzaile, erakunde publiko eta, batez ere, Hegoaldeko gure tokiko bazkideei. Zuek gabe, 20 urteko ibilbide hau ez litzateke posible izango. EGUBERRI ON guztioi eta 2025ean elkarrekin ibiltzen jarrai dezagun Giza Eskubideen unibertsalizazioan, genero-ekitatean eta natura errespetatzen duen Giza Garapenean konprometituta eta tematuta jarraitzeko.
Hurrengo estekan, 20. urteurren honi buruzko bideoa ikus dezakezue. Bertan, bi hamarkada hauetan egindako bideari buruzko gogoeta eta irudi batzuk islatu ditugu.
